PÉREZ SAGUTXOA

El ratoncito Pérez está muy cansado: hay montones de dientes que recoger por todo el mundo.
El ratoncito Pérez se esconde. Sus padres lo buscan con afán porque suena el timbre que avisa de que hay que recoger un diente. Pero él está muy cansado: ayer tuvo que ir a China y Argentina… Pero su trabajo es muy importante y al final sale raudo y veloz, esquivando peligros, en una nueva misión.

Txirrinak jotzen, Hortz bat erortzen! Kasu berri bat Pérez sagutxoarentzat.

Baina gaur oso nekatuta dago; utziko du lana biharko.

Ezin da ume bat oparirik gabe utzi!

17 SEGUNDO

Hamazazpi segundo baino ez ditu igarotzen bisitariak koadro bati begira. Hamazazpi segundo batez beste. Egina omen dute ikerketa. Hori da koadro bati eskaini ahal diogun astia gure garai ero hauetan. Pentsatzen jarrita, poesiaren erritmoa guztiz bestelakoa da. Poesia da denbora gelditzea, poesia da begirada, poesia da desagertuko denari arreta jartzea. Inguruari begira egon, pentsatu gauza horiek hortxe egon direla aurretik, eta hor egongo direla beharbada, aurrerago. Liburu honek hamazazpi urtez idatzitako poemak biltzen ditu, 2002tik 2019ra. Hamazazpi segundo bezain hamazazpi urte luze. Intsumisioa, Japonia, Euskal Herria, New York, natura, Artea, haikuak, prosa, ondarruera. Daudenak eta ez daudenak. Hainbat mundu eta kontamolde bildu ditu Kirmen Uribek liburu honetan.

EMAKUMEAK TEKNOLOGIAREN HISTORIAN

Gaur egun, badakigu asko eta asko direla historian zehar teknologiaren esparruari ekarpenak egin dizkioten emakumeak. Baina gutxik lortu dute aitortza, beren asmakizunetatik eta lanetatik bizitzea eta gizartearen esker ona jasotzea. Gehienak, tamalez, ez dira aintzat hartuak izan, eta, horien artean, asko dira gutxietsirik eta zangopilaturik bizi izan direnak. Makina bat hil dira pobrezia gorrian ere, haien sormenaz baliatu den gizarteak baztertuta eta ahaztuta, askotan.

Liburu hau urrats txiki bat baino ez da teknologiarekin, asmakizunekin, enpresarekin eta beste hainbat arlorekin zerikusia izan duten emakumeak nabarmentzeko eta egokitu izan zaien egitekoa zalantzan jartzeko.

Zoritxarrez, ordea, ezagutza merezi duten emakume asko daude iluntasunean, oraindik, orri hauetan ere tarterik izan ez dutenak. Lan honek balio beza, bada, emakume horiek guztiak apaltasunez omentzeko, eta gizarte justuago bat lortzeko zer egin handia dagoela ez ahazteko. Izan ere, ez dago ulertzerik gizateriak gaurdaino egin duen bidaia luzea, emakume horien guztien bultzada eta ekarpena kontuan hartu gabe.

ERBESTEKO ELURRA

Erruak erro luzeak ditu. Mina da, eta ez jakintza, kontzientziaren giltza. Egon nahi ez dugun tokian egotea da erbestea. Elurra egiten du, eta hotzak gorputzak hartzen, erbestea ez-toki baita. Fermin Alberdi euskal kazetaria Madrila bidaltzen dute Sebastian Saldiasen azken egunak nolakoak izan ziren kontatzeko. Horrek bizitza aldaraziko dio. Hori da eleberri honen abiapuntua. Baina, funtsean, maitasuna zer den adierazi nahia da. Maitasunari eustea bizitzari eustea baita; bizitza maite duenak ezin maitasunik gabe bizi. Musikarik gabe ere ezin bizi, berak eramaten gaitu egon nahi dugun tokira.

Bakea, azken finean, errurik gabeko mundu berrira sartzea baino ez da.

IKUSI DUZU ELEFANTE?

Liburu irrigarri bat, ahoz gora irakurtzeko aproposa. Gela erdiko elefantearen irudiak adierazten du denok ohartu eta inork aipatzen ez duen hori. Liburu hau irudi horrekin jolasten da: gela erdiko elefantea ezkutatu egiten da, oso modu dibertigarrian. Gauza guztiz sinesgarria, ezkutaketan ari direla kontuan hartuta. Umeak ez du ikusten, eta etxean batetik bestera ibiltzen da haren bila; orrialdez orrialde, irakurleak oihu eginen du, “Begira, hortxe dago eta!”. Zalantzarik gabe, ipuin honek ume ttikien imajinazioari dei egiten dio, ezkutaketan jolastea hainbeste maite duten horiei, oraindik deskubritzen ari direnei zer esan nahi duen egon bai eta hala ere inork norbera ez ikusteak.

Barruko testua letra larriz idatzita dago, irakurtzen ikasten ari diren umeek ere konta dezaten, ilustrazio biziek lagunduta.

AROTZAREN ESKUAK

Ia ezagutzen ez zuen aitonak herentzian mendian galdutako etxe bat utzi diola-eta, hara doa Ane Duhalde, ordura arteko bere bizimodu grisa eten nahian. Etxean, baina, deskubrimendu lazgarri bat egingo du, aitonaren iraganaz galdetzera behartuko duena. Misterioaren sokak Frantziako Erresistentziaraino eramango du, II. Mundu Gerraren garaian; berrogeitaka urte beranduago Europako hainbat lekutan gertaturiko hilketa sorta izugarri bat ere harrapatzen du, eta bere burua arriskuan egon litekeela sentituko du azkenik. Bordeleko polizia erretiratu batekin saiatuko da Ane korapiloa askatzen, eta beste horrenbeste egitera gonbidatzen gaitu Alberto Ladron Aranak, suspensez eta ustekabez beteriko eleberri honetan.

PATAKON

Bizkaiko mendietan izan zen bidelapur eskuzabal bat, aberatsei ostutakoa behartzuen artean banatzen zuena, esaera zaharrak dioen bezala: “Patakon, daukanari kendu, ez daukanari emon”. Halko batean, ordea, Kastillako tropak atzetik datozkiela, ihesari emango diote Patakonek eta bere lagunek, eta Karibe itsasoan lanbide zaharra berrituz, pirata bizimoduari ekin. Bidelapurrak itsaslapur bihurtuta, hainbat abenturaeta goraehera izango ditu PatakoneK Antill alde hartan: batekineta bestearekin borrokatu beharra altzorrak irabazi eta galtzea maitasunaren gazigozoak eta behin ta berriz hiltzorian egotea

 

NUR ETA OLENTZERO

Gaur da GAU HANDIA: gaur gauean etorriko da Olentzero! Nurrek gutun bat idatzi dio patinete zilar-kolore bat eskatuz, baina oraindik ordu asko falta da gaura arte, eta eguna luzea egiten da, oso-oso luzea. Aititak eta Nurrek Eguberriko arbola jarri dute, eta zoragarria geratu da, bolez, izarrez eta txilinez betea; eta, garrantzitsuena, hamabi galtxagorri ipini dituzte, amak eta Nurrek Txinan erosi zituztenak, denak gorriz jantziak, denak bereziak. Gero, Nur korrika joan da Luzia eta Sara bere lehengusinen eta beste lagunen bila. Sekulako gauzak dauzkate elkarri kontatzeko! Bakoitzak opari bat eskatu dio Olentzerori. Ufa! Olentzero Larrabetzura iristen denean, Nurrek eta besteek plazaraino lagunduko diote, eta izango dute berarekin hitz egiteko aukera ere. Nurrek badaki zer galdetuko dion: non bizi den nahi du jakin, eta ea bisita egitera joan daitekeen.

NUR ETA ORTZADAR-TXORIA

Laster izango dira Bilboko jaiak eta Nur Larrabetzun dago oporretan. Gurasoekin egin du plana arratsalde batean ferietara joateko, barraketara. Esan eta egin. Nurrek ondo pasatzea besterik ez du buruan: Ur-txirristan behera jaistea, dardoak jaurtitzea globoak lehertzeko baina iritsi bezain laster, Nur ahoa zabalik geratu da: Ezin du sinetsi! Aspalditik zeukan hegan egiteko ilusioa, eta han aurrean, urrutixeago, belardi batean, zer egongo, eta globo erraldoi bat, ortzadarraren koloretakoa, bere saskia eta guzti! Globoa zaintzen duen gizonarengana hurbildu eta nola funtzionatzen duen azaldu die. Hortik aurrera hasiko gara beste abentura bat bizitzen, beste lurralde bat, beste ohitura batzuk ezagutzen.

 

NUR ETA IRLANDARAKO BIDAIA

Suzhou-ko alde zaharrean dabiltza Nur eta bere lagun Liang, Ayana, Dmitri eta Hao Lin. Hiri horretan bizi dira. Bostak sartu dira denda batean, denda magikoa dela esan du Ayanak. Han ezagutu dute Yan-Yan andrea, eta jadezko untxi bat oparitu dio Nurri. Nurrek oraindik berekin du Larrabetzun aurreko oporraldietan aurkitu zuen liburu magiko hura. Liburu horri esker, Nurrek eta bere lagunek Irlandara egingo dute txangoa oraingo honetan. Bisita egingo diote han Finn gnomoari, aspaldi ez baitute ikusi. Finnekin ikusiko dituzte Irlandar paisaia berde ederrak eta Banandonner erraldoi eskoziarrarekin egingo dute topo, ostadarraz beste aldera gnomoek gordetzen duten urrez beteriko eltzea lapurtu nahi duena.