Izki Parke Naturala

Izki 1.998an izendatu zuten Parke Natural. Bere 9.143 hektareetan paisaia desberdin ugari biltzen ditu eta Euskal Autonomia Erkidegoko parkeetan hirugarrena da, handitasunean.

Funtsean, Izki basoa eta harkaitza da. Nagusiki ameztia dago, baina pagadiak, artadiak, haltzadiak, erkameztiak, baso mistoak, urkidiak, lertxundiak, hariztiak… ere badira gune natural honetan.

Ibai txikiek -Izki, Molino, Berrón-, zeharkatzen dute bailara. Zenbait puntutan ura azaleratu eta putzuak, tranpalak eta zohikaztegi-gaiak eratzen dituzte. Hezegune hauetan, anfibio eta hegaztien fauna interesgarriaz gain -txilinporta txiki, murgil handi…-, flora baliotsua ere garatzen da, hala nola, nenufar zuria, eta landare haragijale sorta aberatsa.

Zeruan, basoaren gainean planeatuz, arrano beltzaren, zapelatzaren, sai zuriaren eta sai arrearen figura lirainak nabarmentzen dira, Izkiko gailurretako kareharrizko harkaitz ebaki dotoreetan atseden hartu eta kumeak egiten dituztenak.

Goiko aldeetako larredi zabalek non behi, behor eta ardiak bazkatzen diren, pertsonak bizi direla adierazten dute. Kultur ondare oparoak bailara eta mendi hauen historiaren berri ematen du: leize-zulo artifizialak, baselizak, herri gotortuak, tumuluak, karobiak, gazteluak, hondakin arkeologikoak… eta azkenik; Korres, Erdi Aroko herria, parke barruan biztanlerik duen herri gune bakarra.

Gastronomia, eskulangintza, tradiziozko jaiak, erromeriak, eta Izkitik gertu dauden herrietan han-hemenka dauden landetxe abegitsu eta erosoek Parke Naturala are interesgarriago bihurtzen dute.

Bizipenak

Mendi-ibiliak, bizikleta eta zaldi gaineko ibilbideak dira, besteak beste, Parkean zein ingurunean eskaintzen diren jarduerak. Urturin dagoen golf zelaiari esker kirol hori natura betean egin daiteke. Parkearen inguruetan ere hainbat astialdi gune daude, berezko edertasuneko eremuetan.

Ibilbideak

Markatutako edo balizatutako 15 zidorreko sareari esker, Parke Natural honetako paisaia ederrak aurkitzeko ez eze, flora eta faunari behatzeko.

Birding

Parkeko landareen eta paisaien aniztasunari eta inguru hau nahiko bakartuta egoteari esker, fauna era askotarikoa eta ugaria da, eta, fauna horretan, hegazti harrapariak nabarmentzen dira batik bat, aztorea, zapelatz liztorjalea, arrano sugezalea, sai zuria, arrano beltza edota belatz handia, esate baterako.

Dena den, parkeko harribitxi ornitologikoa okil ertaina da; okil mota bitxia da, eta iberiar populazio handienetakoa hementxe dago, parke honetan.

Nola heldu

A-132 errepidetik (Gasteiz-Lizarra), Parkearen iparraldeko guneetara heltzen da: Birgara, Apinaiz, Atauri, Antoñana, Bujanda eta Maeztu. Maeztutik
A-4124 errepidea irteten da, Durruma Kanpezura doana eta Korresera joateko har daitekeena. Nahiago bada naturgunearen hegoaldera joatea, A-2124 errepidea hartu behar da (Gasteiz-Logroño) eta Armentiako Bentetan Bernedorantz desbideratu,
A-126tik, horrela Markiz, Arluzea, Urturi eta Kintanara hurbilduz.

Iturriak/argazkiak: Arabako Foru Aldundia eta Birding Euskadi