Birding Izkin

Izkiko Parke Naturalaren lurretan basoa da nagusi, amezti zabalak (Quercus pyrenaica) ikus baitaitezke bertan, Europako handienetakoak.

Izki ibaiaren arroko lurzoru hareatsuaren gainean hedatu da, eta ugaztun handiei ematen die babesa, basurdeari, orkatzari edota basakatuari, esaterako, bai eta basoko hegazti ugariri ere. Ondo mantendu diren ibaibideak daude bertan, eta kareharrizko harkaizti ugariko mendi eta amildegiek inguratzen dute. Badira zenbait putzu artifizial ere, uretako hegazti espeziei leku egiteko.

Parkearen bihotzean dagoen herrigune bakarra Korres da. Erdi Aroko arkeologia duen herria da, eta haitzarte ikusgarri baten goiko aldean dago kokatuta, harkaitzetako hegazti espezie ugariren habitat zoragarrian.

Parkeko landareen eta paisaien aniztasunari eta inguru hau nahiko bakartuta egoteari esker, fauna era askotarikoa eta ugaria da, eta, fauna horretan, hegazti harrapariak nabarmentzen dira batik bat, aztorea, zapelatz liztorjalea, arrano sugezalea, sai zuria, arrano beltza edota belatz handia, esate baterako. Dena den, parkeko harribitxi ornitologikoa okil ertaina da; okil mota bitxia da, eta iberiar populazio handienetakoa hementxe dago, parke honetan.

Espezierik nabarmenak

Zapelatz liztorjalea, sai zuria, sai arrea, arrano beltza, belatz handia, erlatxoria, okil ertaina, ur-zozoa, kaskabeltza.

Arabako hegoaldeko mendilerroak

Toloñoko, Kantabriako eta Kodesko mendiek osatzen duten lerroa Arabako ekialdetik mendebaldera luzatzen da, eta mediterranear ingurua eta inguru atlantikoa bereizten dituen hesi xume bat osatzen du.

Hegoaldeko Mendilerroen inguruari dagokionez, Hegaztien Babesgune Berezia da, eta Biasteriko urmaelekin batera, estatu osoko espezie dentsitate handieneko koadrikula ornitologikoa osatzen du

Inguru hau Natura 2000 Sarearen barnean dago. Hegaztien Babesgune Berezia da, eta Garrantzi Komunitarioko Eremua, Toloñoko edo Kantabriako Mendilerroaren barnean.

Espezie nabarmenak

Sai arrea, sai zuria, arrano beltza, belatz handia, hontz handia, malkar-sorbeltza, harkaitz-zozo gorria, txinbo papargorrizta, zozo-txinboa, kaskabeltz txikia, belatxinga mokogorria.

Ornitologia-informazio bulegoa

Iturria: www.birdingeuskadi.com